Aitor Amutxastegi
Lehenik eta behin Andoaingo txirrindulari eskolako kide eta 25. urteurrena prestatzen aritu naizenetako bat izanik, eskerrak eman beharrean nago eskolaren izenean, prestatu ditugun ekitaldi guztietan parte hartu duten guztiei.
Urte guztian, modu batera edo bestera, gehiago edo gutxiago, eskolan pertsona asko dago lan asko egiten duena. Ospakizun hauek prestatzeko ere talde eragile bat osatu genuen eta horiek ere lan dezente egin behar izan dute, baina pozik, azken finean ikusten dugu egindako lanak eragina izan duela eta jendeak parte hartu duela prestatu ditugun ekintza guztietan, espero dut horrela guztiak hobeto ezagutuko duela eskolak egiten duen lana.
Nire ustez, txirrindulari eskolak egiten duten lana ez da oso ezaguna. Aiurri aldizkarian emaitzak astero argitaratzen dituzte, baina ez da erreza herri batean sozializatzea talde batek egiten duen lana, taldekideak herrian lasterketarik egiten ez dituztenean. Martxo aldera eta Santakrutzetan gazteenak aritzen dira herrian, jubenilak Gipuzkoako itzuliko Andoaingo etapan, baina beste lasterketa guztiak herritik kanpo.
Ba jakin ezazue, alebin eta infantilak 15 lasterketa egiten dituztela denboraldian, kadeteak 23 eta jubenilak 42, martxo hasieratik irailaren bukaerara. Eta lasterketa guzti horietara, txirrindulariekin entrenatzaileak ere joaten dira, zorionez 20 inguru ditugu.
Jakin ezazue ere, lasterketa askotan oso postu onak lortu dituztela gure txirrindulariak batzuk ere irabazi dituzte eta horien artean, alebinetako Gipuzkoako txapelketako 3. postua, infantiletan Gipuzkoako txapelduna izan dugu eta lehen urteko kadeteetan Euskadiko txapelduna.
Orain hamar edo hamabost urte baino eskola eta txirrindulari gutxiago dabiltza honetan, zorionez gure eskola oso gorabehera gutxirekin mantendu egiten da eta noski kide guztien lana oso inportantea izanik, guzti hau aurrera ateratzeko, 25. urteurreneko afarian esan zen bezala, talde hau bildurik mantentzen duen artzaina Jose Luis Barberana izan da. Mila eske Joxe.
Aitzol Zuriarrain
Hamalau hamabost urte nituenean R.E.M. egitera Ikastolara etorri nintzenean gerturatzen hasi nintzen Andoaingo Txirrindulari Eskolara, urtea aurrera zihoala konturatu nintzen Andoainekin lotura errazagoa nuela ordurarteko txirrindulari eskolarekin baino. Lasarte-Donostia, Lasarte-Andoain.
Jubenilen bi urtean etorri nintzen “Andoaingo”–ra (hamabost-hamasei urte), bizikleta gainean urte batzu neramatzan “Donostiarra” taldean, gero “Hartzak Hortzeok” izatera pasa zena. Aurreko urtean ikastolara etorri nintzenez bigarren urterako “Andoaingo”-ra aldatzeko eskatu nion federazioari. Nire txirrindulari ibilbidean aldaketa gertatu zen.
Urte horretan bertan ziklokrosean parte hartzen hasi nintzen Eskolaren laguntzaz bizikletak lortu genituen eta beharrezko materiala. Garai hartan Andoainen ziklokrosa antolatzen zen eta bertan ere parte hartu genuen, bai karreran bertan baita ere antolakuntzan, “Andoaingo”-k lortzen duen gauzarik onena lanerako jendea biltzen duela baita.
Entrenamenduak medikuak jartzen zizkigun eta astero entrenamendu bila joaten ginen Tolosara, bizikleta gainean nola ez.
Ziklokrosean buruntza auzoan entrenatzen ginen teknikoki, eta errepidean Ordiziarainoko bidean ibiltzen ginen. Niri otu zitzaidan taldean Asier Etxezarreta, Mikel Uria, Urko Salaberria ginen. Behin ziklokrosa amaitzean errepideko denboraldia hasi genuen eta neronek esatea ona ez bada ere urte ona burutu genuen, taldeka behin baino gehiagotan irabazita eta bakarka ere bakar batzuk irabazi genituelarik.
Txirrindulari eskolak jubenilak arte izaten dira, gero afizionatuen taldera egiten da salto baina horregatik ez zen eskola eta nire arteko harremana hautsi, ezta gutxiagorik ere. 23 urte egin arte bizikletan konpetitzen jarraitu nuen eta beti Andoaingo eskoraren laguntza ezkutuaz, ezkutuaz diot beste talde batzuetan korritzen bait nuen baina Andoaingo txirrindulari eskolarekin jarraituz bide batez.
Horrela mendiko bizikletan entrenatzen nuenean hasi nintzen txirrindulari gazteenak entrenatzen, Andoaindik Asteasura joaten ginen, bizikletaz. Behin konpetitzeari utzi nionean hasi nintzen neguan kadete eta jubenilak entrenatzen kiroldegian eta astebukaeratan berriz mendi irteera eginaz, urte bukaera arte gero bizikletan entrenatzen hasten dira eta martxoan lehiatzera pasatzen dira. Orduan gazteenekin bizikletaz irteten gara eta trafikoa dela eta orain geltoki eta Krafft tartean ibiltzen gera.
Andoaingo txirrindulari eskolak duen gauzarik onena, bere inguruan bildu duen lan taldea da. Zeozergatik izango da, ezta?
Esan beharrik ez dago “Andoaingo” gizonik garrantzitsuenetakoa, garrantzitsuena ez esateagatik, denak biltzen gaituen gizona Joxe Luis Barberena dela, bai orduan eta bai gaur, gizon honek egiten duenak ez dauka preziorik.
Asier Etxezarreta
Badira 25 urte, mende laurdena, Andoaingo Txirrindulari Eskola sortu zela. 25 urte bizitza ororen moduan, bilakaera bat jarraituz. 25 urte makina bat gazterekin elkarlanean. Ni neu ere gazte horien tartean sartu beharrekoa naiz ba, eskolaren parte izandako horietako bat eta aipaturiko bilakaera hori bizitutako bat.
Edozer gauza lehenengo aldian egiten den guzietan bezala, arduradunek, taldea aurrera ateratzea erabaki zutenek izango zituzten beraien eragozpenak baina txirrindulariek ez genituen nozitu. Orain, atzera begira jarrita arduradun hauek ere beraien bilakaera izan dutela esango nuke, esperientziak erakutsita aurrera pauso asko eman dituztela, bai urte guztiko entrenamenduak prestatzerakoan eta baita momentu jakin batean lasterketa bat prestatzerakoan. Gogoan dut lehen urte haietan Ordiziako lasterketara joan eta beroketa ariketak egiten hasi ginenean, txirrindulari gazteak nazkatu ginen ariketa haietaz eta hor joan ginen inguruko parkera txirristan gora eta behera ibiltzera… pentsatuko duzuenez lasterketa negargarria egin genuen. Ez da horrelakorik gertatzen orain, esan bezala gauzak hobe prestatzen baitira.
Bilakaerarik izan ez duen puntu bat bada urte hauetan guztietan errepikatu dena, taldekideen arteko laguntasuna, txirrindu gaineko uneetatik haratago luzatu dena zenbait urtetan batera ibili diren taldekideen artean. Taldeko arduradunek benetako lagun giroa sortzea lortzen dute urtea joan, urtea etorri, eta gero giro hau islatu egiten da bai errepidean, ikusi besterik ez dago azken urte hauetan taldekako erlojupekotan lorturiko emaitza bikainak non txirrindulari bakar bat baino askoz garrantzitsuagoa den taldekideek besteentzat lana gogoz egitea, eta baita ere errepidetik kanpo, non denboraldiaz kanpoko parrandatarako ere zenbait koadrila bertan sortu diren.
Urtemuga hau dela eta, zorionak, mila esker eta beste horrenbeste osa ditzazuela.
Jon Mike Mujika
Orain dela 25 urte sortu zen txirrindulari eskola. Garai hartan (soldaduska zela ta) ezin izan nuen bertan egon, baina urtebete beranduago (1985ean) JOXE BARBERENAk belarritik heldu ta bertan murgildu ninduen.
Ordurarte, txirrindulari izanik, talde desberdinetan ibili izan nintzen baina hau desberdina zen, helburua ez bait zen talde lehiakor bat egitea, herriko gazteei txirrindularitzatik kirola egiteko aukera ematea ta txirrindulari bihurtzea baizik.
Kirola egiteko asko zaindu ta hainbat gauzei uko egin behar zaie, ta gaztea izanik oso zaila izaten da.
Hori gauzatzeko, gazteari eskatzen genion bakarra seriotasuna, eta lagunekiko errespetoa zen. Ez genion garrantzirik ematen lodia edo argala zen, baldarra edo ariña.
Ta gauza bera eskatzen genion geure buruari.
Horri esker, bai lan taldean ta bai gazteekin lagun giroa izan da nagusi, gehienetan.
Gaur egun, zorionez, entrenatzaile lanetan dabiltzan gazte guztiak, eskolan txirrindulari izandakoak dira.
Beste bi zutabe garrantzitsu ere badira: GURASOAK eta PATROZINATZAILEAK.
- Gurasoei dagokionez, denboraldi haseran egiten degun bileran garbi azaltzen diegu lagundu nahi badute horretarako modurik onena guk eskatutakoa egitea dela, gure lanean sartu gabe, ta, gehienetan oso ondo betetzen dute.
Gaur egun horietako guraso batzu lan taldean daude.
- Patrozinatzaileei dagokienez, haseran zalantzak eduki genituen patrozinatzaile bakar bat edukitzea edo ta txiki asko, ta bigarren aukerarekin geratu ginen, mallotean ANDOAIN izena bakarrik jarriz. Orain txalotu egiten degu erabaki hau hartu izana. Alde batetik, patrozinatzaile bakar bat edukitzeak suposatzen du honek ez berritzea erabakitzen badu, beste bat aurkitu behar dela ta arropa guztia aldatu behar da. Arazo honegatik talde asko desagertu dira.
Gure kasuan patrozinatzaile nagusiak Andoaingo Patronatua ta enpresa txiki asko dira.
Orain, 25 urte ta gero oso arro sentitzen gara egindako lanarekin, haserako helburua gauzatua ikusten bait dugu.
Lehengo batean lagun batek galdera hau egin zidan.....urte guzti hauetan hainbat ordu eskeini diozute ziklismo eskolari ta, zeren truke?
Lan taldean gauden guztiok erantzun berbera dugula uste dut: eskolatik pasatako gazte gehienak kirola egiten jarraitzen dute, eta sakrifikatzea zer den ondo ikasi dute. Ikasgai hau bizitzako arlo guztietan aurrera egiteko oso baliogarria dela uste dugu.
Orain, guzti hau ospatzeko garaia iritxi da. Astean behin elkartzen ari gara guztia antolatzeko ta gero ta ilusio handiagoa nabarmentzen da taldean.
Ospakizunak urriaren hiruan Oianume jatetxean egingo den afariarekin amaituko dira ta, eskolatik pasatako gazte, guraso eta lagun gehienak elkartuko garen itxaropena daukagu.
Mila esker, honaino iristen lagundu gaituzuen orori.